XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Santibate fundamentalista

Erretretan sartuz geroz ez zuen biziki kasu ematen Peyo Lacazek zer egun zen, egun guziak, asteko egun guziak, urteak joan arau hasi zitzaizkiolako era berean moldatzen.

Errient zelako usaiari eutsiz, goizik jeikitzen zen, hirian inguru bat egiten eta ontsa airestatu eta askaritera sartzen.

Gero berak bere luma lantxoak izendatzen zituenak segitzen zituen eguerdi arte.

Lana uzten zuen autoa garaiatik ateratzeko doia, inkas bere emazteak behar baldin bazuen eta bereziki beste batek, tokiko edo estranjer, ez ziezaion etxearen aitzineko parkina ebats.

Zintzur karraka bat egotzi zuen haserrez ohartu zelarik igande goiza zela parreko oin bide guzia autoz tapatua baitzen ogika jiten zirenengatik.

Bi auto leku baziren urrunago baina ez zen bere lekua.

Afera bere gisa uzteko gogoa ukan zuen une batez, burutazio soila, ximixta batez, igandeetan emazteak ez baitzuen kasik sekulan autorik baliatzen.

Baina ez zen lehen ideia aise abandonatzen zuten horietarik.

Ogia fite erosten den gauza da.

Deduktatu zuen beraz autora iganen zela eta barrandan egonen garaiatik erdi ateraturik bere lekua libre, aske itzuli arte.